Ir al contenido

Mutualia Logo

Jasangarritasunari buruzko inkestan, gure interes-taldeentzat garrantzi gutxien duen jarduera ingurumenaren alorrekoa da. Funtsean, horren zergatia da haien ustez gure enpresaren jardunak oso ingurumen-inpaktu txikia duela. Enpresetan gizarte-erantzukizunaz hitz egiten hasi zenean, ingurumen-alderdiez ere hitz egiten hasi zen, eta, horrenbestez, Mutualiak urte askoko ibilbidea egin du jarduera horri dagokionez, eta aurrerapen handiak egin ditu eremu horretan.

Mutualian ingurumenarekiko konpromisoa, begirunea eta babesa sendotzeko helburua duten ekintzak sustatzen ditugu, kutsaduraren prebentzioa, baliabideen kudeaketa efizientea eta beharrezkoa ez den plastikoen kontsumoa murriztea barne, legeak ezarritakoa betetzetik askoz harago. 

Hartara, honako helburu hauek gehitu ditugu 2021-2025 Plan Estrategikoan:

  • ISO 14001 eta ISO 50001 ziurtagirien urteroko berritzeari eustea, zentro guztietarako. 
  • Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Plana diseinatzen eta hedatzen jarraitzea; erakundeak eskaintzen dituen produktu eta zerbitzu guztiak Erosketen Eskuliburu Berdearen arabera erosten dira, eta, hala, sartzeko unetik bertatik murrizten da ingurumen-inpaktua. 
  • Mutualiak diseinatu eta garatzen dituen ekimen guztiak Erronka Garbia ziurtagiriaren arabera planifikatu behar dira. Ekimen jasangarriak izan behar dute, hau da, ingurumenerako balizko eragin negatiboak gutxituz diseinatu, antolatu eta gauzatu behar dira.

Helburu horiez gain, Mutualian Ingurumen Batzordea dugu, erakundeko pertsonarik inplikatuenek osatua. Batzorde horrek sentsibilizatu, ekintzak erabaki eta Ingurumen Kudeaketa Planean ezarritako helburuak neurtzen ditu. Nabarmentzekoa da, halaber, Garapen Jasangarriko Batzordeak egiten duen lana, Mutualiaren jasangarritasun-politika behar bezala aplikatzeaz arduratzen da eta.

Kudeaketa-planak egiteko orduan, eta eguneroko ekintzak planifikatu, diseinatu eta gauzatzeko orduan, bost printzipio hauek hartzen dira kontuan:

  • Inguruan inpaktu handia duten materialen erosketa eta erabilera GUTXITZEA.
  • Ingurumen-irizpideen arabera EROSTEA, erosketa bakoitza beharrezkoa ote den aztertuz. 
  • Sortutako hondakin guztiak KUDEATZEA. 
  • BERRERABILTZEA, sailen eta pertsonen eskura jarriz “erretiratuko” diren baliabideak. 
  • SENTSIBILIZATZEA, Mutualian eta etxeetan egin daitezkeen ekintza eta ekimenen bitartez.